Ceremonias de despedida
Hileta laikoak, zibilak edo pertsonalizatuak ere deituak.
AGURTZEKO ETA GOGORATZEKO BESTE MODU BAT
NOLA ANTOLATU
Agurtzeko zeremoniak hildakoaren bizitzan zentratutako ospakizunak dira eta hildakoaren beraren edo haren hurbilekoen (senide, lagun…) borondatea betetzea dute helburu.
Hildakoa agurtzea garrantzitsua da, maitatua gogoratzen da beraren bertute eta pasadizoekin batera. Pertsonalizatua izan behar du Norberaren bizitzari edo maite ditugunen bizitzari agurra modu berezi, pertsonalizatu, koherente eta errespetuzkoan egiteko ekimena da.
Oinarriak:
- Pertsonalizazioa: agurtzen den pertsonaren edo haren senideen, lagunen eta abarren nahiaren arabera diseinatuko da. Doinua, ideia, espazioa edo lekua, uneak, jarduerak, komunikazioa eta abar, pertsona eta testuinguru bakoitzari egokituko zaizkio, hots, “neurrira” eginen da.
- Errespetua: pertsonarengan jartzen da arreta, eta errespetuz eta zorrotz zaindu behar da agurra.
ZENBAT IRAUTEN DU AGURTZEKO ZEREMONIA BATEK?
Hileta laikoaren iraupena aukeratu den musikaren, esku hartzen duten pertsonen eta bertan egindako irakurketen arabera izanen da.
NORK GIDATZEN DU AGURTZEKO ZEREMONIA BAT?
Horrelako zeremonia edo ospakizuna gidatzeko ardura:
- Senitartekoek eta lagunek hartu dezakete.
- Hileta zibilen lantaldeari laguntza eskatu diezaiokete.
- Profesional bati guztiaz arduratzeko eskatu diezaiokete.
Ehorztetxe batek eskain dezakeen zerbitzuaz gain, agur laikoak antolatzen espezializatutako enpresak ere badaude. www.agurrak.com, dolu.eus… esate baterako.
ANTOLATZEA
Hildakoaren familiak zeremoniako edo ospakizuneko gidaria aukeratuko du. Horrek, lehenik eta behin, hildakoaren lehentasunak ezagutu behar ditu, eta jarduteko moduari buruzko jarraibiderik utzi ote duen ikusi; izan ere, kasu askotan, “Azken Desioak” izeneko dokumentu bat dago, non hildakoak dena antolatuta utzi duen.
Agurtzeko zeremonia egiteko askatasun handia dagoenez, zeremonia konbentzional bat edo aukera pertsonalagoren bat aukeratu daiteke.
TOKIA
Leitzako Herri Aretoan agurtzeko zeremoniak egin ahal izango dira, hildakoaren gorpua bertan dela edo haren errautsekin. Horretarako eskaera Udalean egin beharko da eta dagokion tarifa ordaindu beharko da.
Aretoa erabiltzeko, honako hau egin beharko da:
- Eskaera egin, aurrez aurre, udaletxean. Bertan, erabili nahi diren baliabideak (megafonia, proiektorea, mahaia…) adierazi beharko dira. Megafonia edo proiektorea erabili nahi baldin bada, Leitzako Herri Aretoko teknikaria bertan egon beharko da.
- Tarifa ordaindu (aretoa erabiltzeagatik ordenantza fiskalak ezartzen duen moduan).
Agurra egingo den Herri Aretoa egokituko da ekitaldia egiteko eta bertan dauden baliabideak eskura egonen dira (proiektorea, megafonia, musika ekipoa…). Hala ere, senitartekoek edota lagunek modu berezian apaindu edo egokitu nahi badute, beraiek egin beharko dute, eta haien kontura izango dira hori dela-eta sortzen diren gastuak, hargatik eragotzi gabe Leitzako Udalak zerbitzu horiek gainbegiratzea.
ZEREMONIAREN EGITURA POSIBLE BAT:
a) AURRE LANAK (Gidaria hautatu, gonbidapena eta aretoa atondu)
b) ZEREMONIAREN GARAPEN POSIBLE BAT
a) AURRE LANAK (Gidaria hautatu, gonbidapena eta aretoa atondu)
- GIDARIA: zeremonia edo ospakizuna zuzentzeaz arduratuko den pertsona hautatuko dugu.
- GONBIDAPENA: Zeremoniara gonbidatu nahi dugun pertsonen zerrenda bat prestatuko dugu eta erabakitako formatuan (gutuna, prentsa..) zeremoniara gonbidatuko ditugu.
Beste aukera bat da gonbidapenik gabe, agurrera bertaratu nahi duen edozeinentzat. - ARETOA ATONDU: Aretoa atondu eta girotzea komeni da, hildakoaren, senitartekoen edo lagunen nahiaren arabera.
- Material biografikoa jarri nahi izanez gero, mahaia non kokatuko den erabakiko da.
- Zeremonian parte hartuko dutenak nola kokatuko diren zehaztuko da (zutik, eserita…).
Gonbidatuak aretora sartzen direnean edo sartzen ari diren bitartean, eta zeremonia bukatu ondoren ateratzen ari diren bitartean, musika jarri daiteke.
b) ZEREMONIAREN GARAPEN POSIBLE BAT
- Irekierako hitzak: irekieran eskerrak ematen zaizkie bertaratutakoei, konpainiagatik eta jasotako babesagatik. Ez bakarrik une gogor horietan mina partekatzeagatik, baita hildakoari eta bere familiari erakutsitako maitasunagatik ere. Ongi etorria eta azalpen labur bat ematen zaie zeremonia zertan datzan azaltzeko.
- Bizitzari eta heriotzari buruzko gogoetak: heriotzaren gaiari buruzko irakurketak egiten dira, prosaz nahiz poesiaren bitartez. Gogoetari lotutako une bat da.
- Hildakoa gogoratzea “In memoriam”: joan den pertsona gogoratzeko unea iritsi da. Une honetan, senitartekoek edo lagunek hitz batzuk esan diezazkiekete bertaratutakoei, hildakoa gogoratzeko eta haren bizitzari, lorpenei eta abarri ohore egiteko. Abestu daiteke, bertso bat bota, gutun bat irakurri, argazkiak ikusi, zerbait proiektatu, abesti bat entzun…
- Ekitaldiaren amaiera: amaierako hitz batzuk esaten dira eta bertaratutako guztiei eskerrak ematen zaizkie familiari ekitaldian laguntzeagatik.
Ekitaldia aurresku bat dantzatuz, abestuz… bukatu daiteke. Zeremoniaren gastuak ordaintzeko diru bilketa bat ere egin daiteke, saski bat jarriz… - Ehorzketa: senitartekoek egin duten aukeraren arabera, ehorzteko edo erraustera eramateko unea da. Errautsak hilerriraino eramaten lagundu daiteke. Bestalde, hilerrian ere beste agur txiki bat egin daiteke.
- Mokadua: Giro lasai batean, mokadu bat jatea edo zerbait edatea senitartekoak, lagunak… elkartzeko aitzakia izan daiteke. Bertan elkartutakoek hildakoarekin partekatutako uneak gogoratzen dituzte.
Hildakoa gogoratzea “In memoriam” *IDEIA BAT EGITEKO ADIBIDE BATZUK
Esan dugun bezala, agurtzeko zeremonia antolatzeko orduan, pertsonaren gustuak hartu behar ditugu kontuan, ahalik eta gehien pertsonalizatu ahal izateko. Ideia batzuk proposatuko dizkizuegu antolatzeko. Horrelako ekintzak xehetasunez pertsonaliza daitezke, senitartekoei eta lagunei hildakoa nolakoa zen maitasunez gogoratzeko aukera emanez.
Bidaia zaleak
Azken agurra jasoko duen pertsona bidaia zale amorratua bazen, ibilitako lekuak gogoratuz idatzi edo proiekzioa bat egin daiteke.
Bidai horiek bizitzari eta heriotzari buruzko hausnarketak egiteko erabili daitezke.
Zinemazaleak
Hildakoa zinemazale amorratua baldin bazen, haren film gogokoenen zatiak dituen agurrak edo horiekin zerikusia duten irakurketek
senide eta lagunei samurtasunez gogoratzen lagun diezaiekete.
Musikaz maiteminduak
Musikarekin maiteminduta daudenentzat ez dago agur hoberik zuzeneko talde batek haren abesti gogokoenetako batzuk jotzea edo
haren abesti batzuk aukeratzea baino.
EGITURA HAU PROPOSAMEN BAT BESTERIK EZ DA.
*Joan delako negar egin dezakezu
edo irribarre egin dezakezu bizi izan delako.
Begiak itxi eta amets egin dezakezu itzul dadin, edo ireki eta utzi
duen guztia ikus dezakezu;
zure bihotza hutsik egon daiteke, ezin duzulako ikusi, edo partekatutako
maitasunez beteta egon daiteke.
Negar egin dezakezu, burua itxi, hutsunea sentitu eta bizkarra
eman, edo… gustatuko litzaiokeena egin dezakezu:
IRRIBARRE EGIN, BEGIAK IREKI, MAITATU ETA JARRAITU.